XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sukaldera eraman zuen, korrika.

Eltzean irauli zuen, eta honek gainezka egin zuen ia.

Poliki-poliki Georgek pintura eta edabea nahastu zituen, egurrezko goilare luzearekin eraginez.

Aupa!

Nahasketa, marroi egin zen: marroi krematsu zoragarria!

- Non daukak medizina, mutiko? -egongelatik iritsi zitzaion ahotsa.

Nitaz ahaztuta hago!

Nahita ari haiz gainera!

Amari esango zioat!

- Ez naiz zutaz ahaztu, amona -erantzun zion Georgek.

Gau eta egun zauzkat gogoan.

Baina hamar minutu falta dira oraindik.

- Har txiki nazkagarria haiz gero! -oihukatu zuen amonak.

Har txiki alfer desobedientea, eta azkarregi hazten ari haiz.

Georgek arasatik hartu zuen egiazko sendagaiaren flaskoa.

Kortxoa kendu eta harraskan hustu zuen.

Gero, bere nahasketa majikoarekin bete zuen flaskoa, txarro txiki bat eltzean sartuz, eta hartaz bitarteko bezala baliatuz.

Berriro ipini zion kortxoa.

Aski hozturik al zegoen hura?

Ez behar bezainbeste.

Ur hotzaren iturripean eduki zuen flaskoa minutu batzutan.

Busti ondoren, etiketa askatu egin zen, baina horrek ez zuen axola.

Zapi batekin lehortu zuen flaskoa.